XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Hiru planeta!

Hiru planeta inbaditurik azken urte bete t'erdian!

Hirurogei urte ziren horrelakorik ez zela gertatzen.

Planetak inbaditzea ezinezkoa bihurtu zenetik, hain zuzen.

- Itxura guztien arabera -erantzun zuen koronelak-, norbaitek bide berri eta akatsik gabekoa aurkitu du.

- Eta gure alarma-satelite petral horiek piztu gabe sikira.

Baina zure aurpegia ikusirik, Chaves, ideiaren bat daukazula esango nuke.

Hala bada, bota ezazu nire ultzera berriro ireki baino lehen.

Koronela zutik jarri zen almirantearen protestei jaramonik egin gabe, eta honen mahaira hurbildu zen.

Ertz bateko botoiari sakatu zion, eta orduan mahai gaineko kristala piztu egin zen, bere azpian galaxiaren hiru dimentsiozko mapa erakutsiz.

Almirantea mahaira inguratu ondoren, bere azalpena hasi zuen.

- Etsai ezezagun horiek ondo planeiatu dituzte inbasioak.

Elkarren ondoko planetak menperatuz, galaxiaren eremu zabal baten jabe egin dira.

Horrela baturik, euren alarma sateliteek gerri gaindiezina osatzen dute.

- Noraino hurbil liteke untzi bat nabaritua izan gabe? -galdetu zuen almiranteak, puroa ezpainetatik kendu eta tabako zipriztinak mahai gainera jaurtikiz.

- Handik argiurte bateraino, hurbilen jota.

Bestalde, hiperespazioaren bidez erasotzeko, (...)